UEMAk abiatutako dinamikak eta Euskal Herriko zein Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluek abiatutako ekimenak bat egin dute Arrankudiaga-Zollon. Udal Hizkuntza Politikaren diseinuan eragin eta bide horretan herritarrak inplikatzea xede, indarrak batu ditugu hiru eragileok.
Azken udal hauteskundeetan Bai We Can konpromisoak bultzatu zituen Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak. Arrankudiaga-Zolloko egungo alkate Txutxi Ariznabarretak sinatutaetatik tiraka, Euskal herriko Euskalgintza Kontseiluarekin dinamika bat abiatu genuen duela hilabeteak. Ekimen honek hiru etapa ditu: udal hizkuntza politika eta praktiken azterketa, diagnosia herritarrekin partekatu eta kontrastazea eta azkenik, konpromiso batzuen sinatzea. Oinarrian Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa eta horren Udal Garapena dago eta helburuak hiru dira oinarrian: zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea, euskaraz lan egiteko eskubidea ziurtatzea eta udal mailan euskararen normalizazioan urratsak ematea.
Arrankudiaga-Zollon, bigarren etapak bat egin du UEMAk ekimen berria abian jartzearekin. Udal Euskaldunen Mankomunitateak prozesu partehartzailea aurrera darama herrian euskara sustatzeko plan estrategikoa gauzatzea xede. Zer gehiago egin dezakegu euskaraz bizitzen jarraitzeko? galdera izenburu hartuta herritarren ikusmira jaso eta aktibatu nahia dago oinarrian. Horretarako, inkesta bat martxan jarri dute eta herritarrekin abenduaren 12an saioa antolatu dute.
Ekimenen osagarritasuna ikusita, uztartu eta indarrak batzea erabaki dugu UEMAk, Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak.
Herri gehiagotan
Bide berdina jarraituko da Orozkon ere, hiru eragileen eskutik dinamika berdinak abian baitira jada. Herritarrekin saioa abenduaren 12an izango da kasu honetan.
Laudioko kasuan berriz, azken dokumentua abenduaren 3an sinatuko dute Udal agintariek Euskal Herriko eta Aiaraldeko Kontseiluarekin. Diagnostikoa berriz urte batera errepikatu egingo da, garapena nolakoa den jakin eta hartutako konpromisoak bete ote diren ikusteko.
Legegintzaldi honetan Artziniega eta Aiaran ere aurreikusten dira antzeko dinamikak.