Urduñako Otxomaioko lehen asteburua pasata, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Bihotza Konpartsak bere txosnan euskara baztertzen duela salatu nahi du, horretarako txosna arautegia ere urratuz. Egoeraren aurrean idatzia erregistratu dugu Urduñako Udalean arautegia betearazi eta neurriak hartu daitezen eskatzeko.
Apirilaren 25ean Arespalditzan Gora Aiaraldeko jai Euskaldunak! dinamikaren baitan euskara bultzatzeko hainbat neurri aurkeztu ziren. Ekimenarekin bat egin zuen Urduñako Udalak, izan ere azken urtetan Bizkaiko hirian aurrera eraman diren neurrietan oinarritua baita ekimena. Neurri horiek, txosnei dagokionez arautegi zehatz bat jasotzen dute. Beste neurrien artean, musikaren %65a (gutxienez) euskaraz izango dela dio arautegiak, neurri hori “ordutegi osoan” bete behar dela zehaztuz . Eskakizun hau sistematikoki eta nahita urratu du Bihotza Konpartsak, euskara erabat baztertuz.
Urduñako txosnagunean azken urteotan musika bateratu egin da, hots txosna guztiek musika berdina jartzen dute. Horretarako, txosna bakoitzak 50 kantu aukeratzen ditu, horiek guztiak bildu eta musika zerrenda bakarra osatzen da. Ondoren, zerrendak berdintasun teknikariaren galbaea pasa behar du, onartu ezin daitezkeen kantuak (matxistak, homofoboak, gutxiengoen aurkakoak, arrazistak, xenofoboak…) baztertuz. Txosna guztiak kablez konektatzen dira, musika aldi berean entzun dadin guztietan. Bihotza Konpartsak zerrenda bateraturako aukeratzen dituen kantu guztiak erdara hutsez izan ohi dira. Hala ere, beste txosna guztien jarrerari esker, zerrendaren %65a baino gehiago euskarazko musikak osatzen du.
Euskara baztertua
Baliabide guztiak izan badiren arren, Bihotza Konpartsako arduradunek ez dute beren txosna txosnaguneko musika ekipora lotu nahi izan. Ondorioz, txosna bakarra da musika zerrenda propioarearekin, zeinarekin euskara guztiz baztertu (arratsalde eta gauetan ez dute kantarik jartzen euskaraz) eta arautegiak zehazten duen %65eko euskararen gutxieneko kuota ez duen betetzen.
Arautegia ezagutu arren, Bihotza Konpartsako arduradunek betzen ez dutenez eta euskara baztertzen tematzen direnez (iaz ere antzeko egoera bizi izan genuen), Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak egoera Udalaren aurrean salatzea erabaki du. Urduñako Udalari eskatzen diogu Bihotza Konpartsa txosna arautegia betetzera behartu dezala edo urraketak badarrai txosna irekitzeko baimena uka diezaiola.
Egoera bideratuko dela espero dugun arren, herritarrei dei egin nahi diegu kontsumo hautuetan euskara ere presente izan dezaten.
Udalean aurkeztutako idatzia