Enkoadraketa zehatz bat, une zehatz bat, errealitatearen zati bat jasotzen da argazkian. Errealitatea ulertzen laguntzen digute argazkiek. Presentzia nahiz absentziak informazio iturri dira. Nor, non eta nola.
Udal Hauteskundeen baitan lau argazki aterako ditugu, euskararen ikuspegiarekin. Bi jada mahai gainean dira. Herritarrek ahalik eta informazio gehien izan dezaten, boto burujabea gauzatzeko unean.
Bat. Hautagai zerrendetan, zenbat dira euskaldun? Nork daki euskaraz hitz egiten? Nork soilik ulertzen du? Hautagai Euskaldunak ekimenarekin eskualdeko 32 hautagai zerrendetan euskaldunak zenbatu ditugu eta horren arabera nota jarri. Nork errespetatu dezake herritarraren hizkuntz hautua? Hizkuntz eskubideez ari gara.
Bi. Duela lau urte hautagaiek euskararekiko hartutako konpromisoak zertan dira? Bai We Can dinamikak lau urteotan herriz herri emandakoa publiko egin dugu. Konpromisoak betetzeaz eta elkarlan dinamika batez ari gara, instituzioak, alderdiak eta euskalgintza inplikatuz.
Hiru. Elkarlanari eta konpromisoen dinamikari jarraipena emateko proposamen berria egin diegu alkategaiei. Proposamena publikoa da eta hurrengo egunetan nork zer sinatuko duen argitara emango dugu. Elkarlanerako konpromisoa, hizkuntz eskubideak bermatzeko borondatea eta euskararen normalizazioan aurrera pausuak emateaz ari gara.
Lau. Herritarron etxeetara helduko diren esku-orriak aztertu eta argazkia aterako dugu. Behintzat elebidunak dira? Programetan euskara aipatzen da? Zeintzuk dira gure hizkuntzarekiko proposamenak? Hizkuntza politikaz, eskubideez,… hortaz ari gara.
Errealitatearen lau zati jarriko ditugu mahai gainean, herritar orok interpretatzeko aukera izan dezan euskararen betaurrekoak jarrita, badena eta ez dena.